katu beltza, katu txuria

Bazen behin atzo jaiotako Ikaslea, eta herenegun erositako argazki-kamera-kit-a. Ikasleak ez zekien, baina lagun batek kontatu zion, posible zela larru sendo pixka bat bildu (hartzek negua pasatzeko behar duten bestekoa izan gabe) eta musika kontzertuetara (eta halakoak) doan joatea. Horrela, ausardia guztia trapu batekin bildu eta saiatu zen bere nahia aurrera ateratzen.
Sopresa atseginez besarkatu zuen erantzuna: baiezkoa. Horrela, eta leku ezezagun batean, ordu ezezagun batean baina lagun ezagun batzuk hartuta, Ikaslea abentura berri bat bizitzera abiatu zen. Kultura etxean zen zita, eta datu objektibo gutxi mahai gainean: 12 talde, denak Danimarkakoak.
Lehenengo aldia izan arren, bere urduritasuna ezkutatu egin zen (edo lotsarekin batera amodiozko abentura bat izateko egin zuen ihes). Atean Argazkilaritza ezagunarekin topo egin eta galdera teoriko-praktiko batzuk trukatu zituzten. Konturatu zen Ikaslea, ezer gutxi ikasi zuela elkarrizketa hartan, izan ere oso gauza jakina da kontzertuetan dagoen arazoa: argi eza, edo lotsa eta urduritasunarekin bidaian joaten den argiaren istorioa.
Hemen haustura bat sortuko dut:
Teknikotasunetik ihes egin gabe, honen inguruan pixka bat sakontzea komeni da. Argazkiak, argiarekin sortzen dira (izenak dioen bezala), eta izpiek material edo sentsore berezi batzuetan idazten dituzte formak. Gero eta leku argitsuago batean egon, orduan eta denbora gutxiago behar da materialean forma idatzita gelditzeko, eta beraz argi gutxi dagoen leku batean denbora gehiago beharko da (argi kopuru berdina jaso nahi badugu behintzat). Badira teknikotasun gehiago ere, zeren argitasun gehiago lortu ahal izateko sentsorearen sentikortasuna igo daiteke (digitalean, analogikoan sentikortasun handiagoko karreteak erabili), baina honek zarata edo “aleak” sartzen ditu argazkian eta hau ez da hain gardena. Bestalde, sartzen den argi kopurua kontrolatzeko, kameraren diafragma ere alda daiteke (aukera duten kameretan). Horrela, diafragma handitu edo txikitu daitekeen zulo bat baldin bada, honen balorea aldatuta, zuloaren tamaina aldatuko dugu, eta beraz argi gehiago edo gutxiago sartuko da. Honela, argi gehiago nahi badugu hainbat aukera ditugu: abiadura jaitsi, sentikortasuna igo, eta diafragma zabaldu. Noski, guztiek sortzen dituzte beste hainbat efektu (gardentasunari dagokiona, irudia izozteko gaitasuna, eremu-sakonera…) baina batzuetan ez dago beste aukerarik, edo hori da justu nahi dena.
Abiadura eta sentikortasuna kameratik aukeratzen dira, baina diafragma objektiboak limitatzen du. Normalean objektibo merkeak (kit-etan datozenak adibidez) ez dira oso argitsuak izaten.
Hemen haustura amaituko dut.
Beraz, Ikaslea leku ezezagunean zegoen. Hasteko, sarrera ikusi eta han zeuden bi pertsonengana zuzendu zen: Bai, listan nago, eta Ikaslea da nire izena… Ba ez, listan ez zen Ikaslea agertzen, baina dirua soberan zutenez BIP (Beri Inportant Pipol) pultsera jarri zioten, eta 5 edari hartzeko ticketa oparitu. Horrela (pozik) barrura sartu zen Kultura etxea ezagutzera. Lokala iluna zen, eta bi espazio zituen. Batek gaizki argitutako eszenatoki ttiki bat zuen, eta besteak bi eszenatoki: ertain bat (eta beraz erdi argitutakoa) eta haundia (argi dexente gehiagorekin).
Horrela, Ikaslea ikasten hasi zen. Argi gutxi zegoenez lehenik eta behin hau egin zuen: diafragma ahalik eta gehien ireki (3.5-5.6). Musika kontzertu bat izanik, erretratu nahi zen pertsona edo objetua ez zegoen geldi, beraz argazkian geldi agertzeko, kameraren abiadura ez oso motel bat jarri behar zuen. Horrela 1/60″rekin probatu zuen, eta sentikortasuna 100 ISOtik 1000 ISOra igo. Ez, ez zen nahikoa, eta sentikortasuna 2000tik gora igo nahi ez zuenez, azkenean konbinazio “egokia” hautatu zuen: diafragma guztiz zabalik (3.5-5.6) eta sentikortasuna 2000 ISO. Abiadurari dagokionez, 1/60″rekin gehienetan argazkiak ilun gelditzen zirela ikusita, 1/30″rekin probatu zuen, baina noski, argazki gehienak mugituta agertzen ziren. Je!
Horrela, 5 edarien ticketaz baliatuta, unea gozatzeko freskagarri bat hartu zuen (benetako prezioa: 6 eusko). Kontzertuak aurrera joan ahala, enkoadraketa berriak probatu, eszenatokietara igo, edo eta argazki originalagoak ateratzeko nahia piztu zitzaion (kameraren limitazioak ezagututa, edo edozein krisiren aurrean bezala, kreatibitateak eztanda egin zuen). Edarien ticketa ere agortzen zihoan heinean, kameran bederen, argazkiak ederrago ziruditen. Hortik aurrerakoak, kamerak soilik konta ditzake.
Hurrengo egunean, Ikaslea bertan zeuden talde guztiak urte horretan sarituak izan zirela konturatu zen. Eta aurreko gau hartan musikari larregi erreparatu ez zion arren (edo ez besteek bezain beste), orduan ateratako argazkiak ikusten hasi zen. Bai, gehienak mugituta zeuden, edo argi gutxirekin. Hautaketa prozesua hasi eta argazkien %90a ezabatu ondoren, besteekin lanean jarri zen. ArgiGela software eskuratu berriarekin solasean gelditu zen horrela, gauak irentsi zuen arte.
Eta horrela, Ikaslea herriko kontzertu-aretoko argazkilari ofiziala bilakatu zen. Ikasleak azterketak gaindituta bilakatzen direlako maisu.

a girl in a rat suit


leonora

blunt


rufus spencer


little yells alot

sebastian lind

noble shades



oh stacy!



