Kyklos odusseia
Azal azpian mikrotxiparekin esnatu berri da. Berak ez daki, baina norbaitek bidali du leihotik begiratzera. Bang. Tiro bat buruan jaso eta lurra Bartzelonan dagoena baino likido gehiagorekin zikindu du; ez busti. Aldaketa.
Tiroak lainoetan ikusten ditu: western zahar bat. Dueluz duelu joan beharko litzateke bere zaldiarekin baina pistola erori egin zitzaion amaren hanka-artetik jaio zen gau nahastu hartan. Berak ez daki, baina norbaitek desertuko autopista berrirako prestatzen ari diren tuneletatik sartu du, detonazioa gertatu den unean. Paretak aurreko hamarkadan okupatutako etxeek baino kaka gehiagorekin zikindu ditu; ez busti. Aldaketa.
Itsasoan murgilduta gelditu da orduan: handiagoentzat janari. Traketsa da igerian, eta nahiz eta itsasoa geza izan (eta ez gazia) leku guztietatik hazkura sentitzen du. Hatzak bilatzeari ekin dio, baina bere burua bakarrik dagoela konturatu da belarriekin igerian. Belarriekin ez da sudur-ondora iritsi, eta karramarroen albora jo du laguntza bila. Karramarroak, asko lagundu dio: hil du. Aldaketa.



