anpulubila
g a l m e n d i k r o m a t i k o a

Helsingør egun gris batek irensten duenekoa, edo alderantziz

Helsingør Sjælland irlako ipar-mendebaldeko hiri garrantzitsuena da. Bere garaian, egungo Suedia eta Danimarka banatzen dituen 4 kilometrotako itsasartea zeharkatzen zuten ontziei zerga kobratzen zen bertan. Merkatal-gune eta estatu-kudeaketa puntua ere izan zen, nahiz eta gaur egun joaten diren japoniarren (aldi hartan behintzat) %90a Hamleten eraginez joan. Izan ala ez izan… Mikel Laboa in memoriam! Gauza da, William Shakespearek Kronborg gazteluan kokatu zuela Hamlet…

Herriari dagokionez polita da, Danimarkan ohikoa den kale komertzialaren inguruan kokatzen da ia guztia. Esan daiteke Danimarkako Behobia dela, Suedia ondoan dagoenez, askok aprobetxatzen dute bertara joan eta alkohola (gehienbat) erosteko eta…

Gazteluari dagokionez, ederrena kokapena da, alde batera Øresund itsasartea, eta bestera Danimarka, baina guztia gotorleku edo zitadela baten barruan (Iruñea gogoan!). Barruan dagoena oso tristea da… nahiko ahaztuta dago dena, erdi-hutsa, zikin…. ez du merezi 65 DKK ordaintzea… kapera ere oso tristea da… Hillerødekin alderatu ezin den gaztelua…

Barruan baina, Thomas Klugesen pintura erakusketa eder bat zegoen: To be or not to be… bai, oso izen originalarekin…. Erretratuez gain, baziren Playmobilekin egindako margo ederrak ere. Pixka bat dramatikoak… edo ilunak: egun grisarekin bikain.

Esan bezala, Kronborg gazteluan zerga kobratzen zen, baina inork ez zuen inor hortara derrigortzen. Horregatik, itsasartearen bi aldetara kanoi eder batzuk zituzten. Alde bakoitzetik 2 kilometrotako tiramena (tiratzeko ahalmena) zutenez, lau kilometroak babestuta zituzten.

anpulubila(abildua)gmail(puntu)com
Creative Commons License rss